Edukira joan

Lea-Artibai eta Mutriku

Berriatua
2008ko urriak 11, Zapatua

;2008-06-22;´Zer edo zertara irten behar baduzu, derrigor behar duzu hemen autoa».

mari tere aranbarri kaltzakorta ðErretiratua

«Zer edo zertara irten behar baduzu, derrigor behar duzu hemen autoa»

Berriatua Automobil elektrikoa gidatzeko baimena atera berri du, eta karneta ailegatzeko zain dago, hainbat urtez Askartza tabernako sukaldaria izandakoa.

maribi ugarteburu

Ikasteko sekula ere ez da berandu. Ez, behintzat, gogoak «eta derrigorrak» horretan lagunduz gero. Mari Tere Aranbarrik (Berriatua, 1935), joan den 35 urtean errepidearen ondoan bizi arren, oraintxe hartu du gidatzeko baimena ateratzeko astia. Etxearen ondoan dago bere auto txiki berria, eta laster du ailegatzekoa baimenaren papera.

Gaztea zinenean ez zenion automobilari heldu.

Orduan sasoian ez zen oraingo moduan. Orain gazte-gaztetan ateratzen dute, 18-19 urtegaz, baina lehen ez zegoen horrelakorik. Eta gero, ba, astirik ere ez... Eta oraingo moduan dirurik ere ez zen egoten, ez pentsa. Senarrak atera zuen karneta, eta gerora, alabak ere bai. Ni eurek erabili izan naute. Aurten alargundu egin naiz, eta, holan, ba, neuk atera dut gidatzeko baimena.

Askartzan bizitzeak automobila erabiltzea eskatzen du.

Zer edo zertara irten behar baduzu, derrigor behar duzu hemen autoa: medikuarengana joateko, errekaduak egitera...

Zelan animatu zinen?

Suhiak animatu ninduen pilo bat. Berak esan zidan beste andre batek, Munitibarko Totorikako batek, ere oraintsu atera duela, neu baino urtebete zaharragoa izanda. Eta, holan, suhiari esker animatu nintzen.

Gaitza egin zaizu trafiko seinaleak ikastea?

Auto eskolakoari ez diot iritzi gaitza. Automobil elektrikorako auto eskolako zortzi ordu egin behar dituzu, eta seinaleak ikasi behar dira. Nahikoa ondo ibili naiz.

Noiz hartu zenuten zuek Askartzako tabernaren kargua?

Orain dela 35 urte etorri ginen hona Etxetxu baserritik.

Astegunetan ala asteburuetan edukitzen zenuten lan gehiago?

Asteburuetan ere zabalik egoten zen, baina gurea, gehien-gehien, aste barruko martxa zen. Egunero-egunero 80-90 laguni ematen genien bazkaria.

Zeu sukaldari. Beharra eta beharra orduan...

Bai horixe! Beti beharrean. Beharginentzako menuak ziren gure zeregin nagusia. Orduan, Berriatua herrian ez zegoen horrenbeste aukera bazkaltzeko, eta hona jotzen zuten inguruko behargin askok.

Eta hainbeste jendek non aparkatzen zuen?

Hemen, errepide bazterrean. Orain izango balitz, ezingo litzateke aparkaleku barik hainbeste jende mugitu jatetxean. Baina orduan ondo konpontzen ginen, ez zegoen hainbeste trafikorik eta.

Hobarik badaukazue orain, ezta?

Ezin dugu imajinatu ere egin zelako trafikoa egoten den hemen gora eta behera. Itzela! Lehengo astean kamioiak geldirik egon direnean, igarri-igarrian egon da. Trafikoa bazebilen, baina bakarrik automobil txikiena, eta beste gauza bat zen. Ia noiz egiten duten saihesbidea!

Aspalditik dago proiektuan Berriatuko saihesbidea, bai.

Hori egiten dutenean, etxe honentzako gauza handia izango da, benetan, errepidea ondo-ondoan daukagu eta.

Zeuk irten duzu, ala, errepidera gidatzen?

Ez, oraindik ezin dut. Gida baimena bera aterata daukat, psikoteknikoa ere egin dut, eta paperak martxan daude, baina harik eta karneta bera ailegatu arte ezin dut ezer egin, ezta automobila aseguratu ere. Horretxen zain nago.

Eta bien bitartean, non praktikatu duzu?

Etxetxu gure baserria hor behean dago, kilometro bat baino gutxiagora, eta ia egunero egiten dut ostera. Gustura nabil bolantean. Bilobek laguntzen didate. Neuk uste nuena baino errazagoa egin zait.

############

© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

11barri S.L.ko kideak:
Bertako Hedabideak (EKT)

eta 11barri S.L.: 63 gizarte eragile.