Edukira joan

Lea-Artibai eta Mutriku

Berriatua
2008ko urriak 11, Zapatua

;2008-06-20;Habixik kritika egiten dio Udaleko hirigintza planari. Berriatua Gazteek pentsatzen dute lo egiteko edo bigarren etxebizitzarako herri bihurtuko duela Udalak.

Habixik kritika egiten dio Udaleko hirigintza planari

Berriatua Gazteek pentsatzen dute lo egiteko edo bigarren etxebizitzarako herri bihurtuko duela Udalak.

patricia fernandez

Berriatuko etxebizitza eskubidearen aldeko Habixi gazte taldeak hirigintza proiekturako diagnostikoa osatzeko bere txosten propioa kaleratu du egunotan.

Joan den hilean hasi ziren diagnostika osatzeko herri ereduaren eta jarduera ekonomikoaren inguruan herritarren iritzia jasotzeko antolatzen diren herri batzarrak. Diagnostikoa egingo duen enpresa herritarrok betetzeko galdeketa bat banatu zuen. Orain, galdeketa horren erantzun modura aurkeztu dute Habixikoek txostena.

Kritika gogorrak

Habixiren ustez, beharrezkoa da jarduera eraikitzailea herritarren beharrizanetan oinarritutakoa izatea, eta ez alboko herrietakoenetan. «Ezin da bilakatu lo egiteko herri edo bigarren etxebizitzarako herri eta hirigintza proiektua ezin da hasieratik eraikuntzara bideratu, etxe hutsei eta erabili bariko espazioei erreparatu egin behar zaie». Zentzu horretan, gazteen iritzian, Berriatuari egokitzen zaion Udalaren plana da Ondarroako biztanlegoaren zabalkunderako gunea izatea.

344 etxebizitza gehiago

Berriatuko gazteek Udalak daukan 344 etxebizitza eraikitzearen kontra azaldu dira, ez dutelako ikusten herritarren beharrizanetan oinarrituta dagoenik.

Euren esanetan, azken urteotako biztanlegoaren hazkundea ikusita, etorkizunean antzerako hazkunderik ez da aurreikusten. «Gu-re ustean, batez ere, etxebizitza eraikuntzaren ondorioz, alboko herrietatik Berriatura joan diren pertsona kopuruaren ondorioa izan da». Hortaz, %4ko hazkunderik datorren urteetarako ez dute aurreikusten, hazkunde hori «bultzatua» izan delako eta ez berrituarren hazkundeak eduki duen berezko gorakoaren ondorioa.

Diagnostiko erreal batek herriaren nortasuna mantendu beharko duela adierazi dute Habixikoek.

Etxebizitza politika berriak

Beste era bateko etxebizitza politika egitearen aldeko agertu dira gazteak. «Ausartu egin behar gara proiektu berritzaileak martxan jartzen, eta hori ondo ateratzeko beharrezkoa da herritarrekin partekatzea eta eurekin garatzea egitasmo berria».

Horretarako, hainbat alternatiba proposatu dituzte, herrian garatzea posible litzatekeenen artean egokiena aukeratuz: eraikitzaile herrikoa sortu, Udalak izatea herriko lur guztien jabe eta kudeatzaile, alokairu soziala, gazteentzako etxebizitza komunak alokairu sozialean oinarrituz, eta abar.

Hori aurrera atera ahal izateko, beharrezkoa jotzen dute herritarrez osatutako hirigintza batzorde bat osatzea.

Horren haritik, etxebizitza eskubidea bermatzeko gazte eragileek dei egiten die gazte guztiei herri batzarretan parte hartzeko «euren iritzia jaso ahal izateko».

© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

11barri S.L.ko kideak:
Bertako Hedabideak (EKT)

eta 11barri S.L.: 63 gizarte eragile.